Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Bidegoian
2008ko abenduak 2, Asteartea

;2008-04-18;´Udaletxe batek gardena izan behar du, eta kontuak garbi ibiliť. PELLO ARZALLUS ETA JABIER DORRONSORO õ . Bidegoiango alkatea eta alkate-ordea

pello arzallus eta jabier dorronsoro ðBidegoiango alkatea eta alkate-ordea

«Udaletxe batek gardena izan behar du, eta kontuak garbi ibili»

Bidegoian ðð Pello Arzallus eta Jabier Dorronsoro dira alkate eta alkate-orde berriak herrian. Zentsura mozioa aurkeztearen arrazoiak bilera baten bidez argituko dituzte.

nerea urbizu

Bidegoiango alkate berria Pello Arzallus da (Bidegoian, 1961). Zentsura mozioa aurkeztu zioten Juan Ugarteri joan den martxoaren 25ean: alkateorde, berriz, Jabier Dorronsoro da (Bidegoian, 1971). Biak ere joan den urteko hauteskundeetan sartu ziren Udaletxean. Elkarrizketaren hasieran biek argitu zuten, «EAren zerrendan zeudela baina independienteak direla, eta ez EAkoak».

Beraz, Bidegoiango alkate berria ez da EAkoa?

Pello Arzallus. Ez. Sei zinegotzi independienteak gara eta JuanUgarte EArena.

Martxoaren 25eko ezohiko bilkuran herritarrek Ugarte alkate ez jarraitzearen arrazoiak eskatu zituzten.

Jabier Dorronsoro. Aurrena eta hasteko, joan den urteko maiatzeko zerrenda osatu ezinik zebilen Ugarte, eta guri osatzeko proposatu zigun. Ugartek, orduan esan zuen, alkate bezala beste urteren bat-edo egingo zuela, baina jada nekatu xamar zegoela. Nekatuta zegoenean, eta udaltaldeko baten bat alkate izateko prestatuko balitz, alda zitekeela, alegia. Hori esan zuen orduan.

P. A. Joan den martxoaren hasiera izango zen zazpi zinegotziak bildu egin ginenean, eta Ugarteri alkatetzan aldaketa egiteko proposamena egin genionean: Ugartek ez zuen trabarik jarri orduan.

Zentsura mozioa aurkeztearen arrazoia, «konfidantza falta» izan zen.

P. A. Maiatzetik aurrera hasita konfidantza hori galduz joan da, gero eta gehiago. Azkenean erabaki genuen udaletxean berarekin biltzea alkatetza aldatzeko esateko, eta arazorik gabe, ados zegoela esan zuen Ugartek: eskua ere eman genion elkarri. Handik aste batera beste bilera bat egin genuen eta aurrera jarraitzea erabaki genuen denok, erabaki horrekin. Karguak banatzeko agiriak ere ekarri zituen, aldaketak egiteko. Elkarrekin afaldu genuen eta bukaeran, Udaletxea Udaletxea dela, eta kalea, berriz, kalea dela aipatu genuen, harreman onaren alde-edo. Baina hitza hautsi zuen: dimisioa eskatu behar zuen alkate bezala bilkuran, eta gurekin adostu izan ondoren bilkura atzera bota zuen. Azkenean erabaki genuen zentsura mozioa aurkeztea.

Herritarren artean iskanbila sortu da?

P. A. Iskanbila nik uste dut Ugartek bilatu duela. Guk ez dugu azalpen handirik emango. Jende dezente etorri zen bilkurara eta ez genuen azalpen gehiegirik eman sor zitekeenarengatik. Egun hura, gainera, ez zen horretarako. Jendea gogoarekin geratu zen, zer pasa den jakin nahian. Paper anonimo batzuk azaldu ziren Albizturren, Beizaman, Errezilen... esanez alkatetzaren lapurreta izan dela Bidegoiangoa. Guk ez dugu ezer lapurtu, aldatu baizik.

J. D. Jendea berotuta etorri zen: guk uste dugu Ugartek berak deitu zituela. Egin dugun azken bilkuran adierazi genuen bilera informatibo bat egingo genuela herritarrentzat. Hau hemendik aste pare batera egingo dugu berandu jota. Dena dela, herritarrei abixua pasako diegu ordua eta eguna zehazteko. Bilera honetan arrazoiak emango ditugu.

Nondik dator konfidantza eza hau? Zertan dago erroa?

P. A. Guk gure udaletxeko garai hau ikusi dugu eta trapu zikinak ikusi ditugu. Atzerakoa ere ikuskatu dugu eta joera berdina ikusten dugu; beste garai batean ere izan ziren arazo batzuk (gu garai hartan ez geunden Udaletxean eta orduan gauza horiek urrutitik ikusten dira). Beste legealdiren batean zinegotzi batzuk ez ziren beti azaltzen bileratan, lanarengatik, esaterako. Hauek kargu guztiak Ugarteren gain utzi zituzten, eta berak orduan eramaten zuen martxa guztia. Dena dela, ez dugu prentsan orain trapu zaharrik kontatuko: lehenengo herritarrei esan behar zaizkie, inori baino lehenago.

J. D. Juan Ugartek 11 urte alkate egon zela esan zuen, baina ez zuen esan aurreko legealdiren batean bi zinegotzik bere dimisioa eskatu ziotela. Ez ziren adostasunetara iristen haien artean. Bi zinegotzi hauek ere gauza susmagarriak edo, ikusi zituzten eta azkenean beraiek egin zuten alde Udaletxetik.

Jendeak jakin egin nahi du.

P. A. Herritarrek jakin nahi dute zer pasa den, eta somatzen dugu jendeak trapu zaharrak ateratzea nahi duela. Bilera egin behar genuenean esan genuen: «hemen ez dugu trapu zaharrik aterako, ez du merezi, ezta komeni ere». Baina berak bilatu du, eta esan egin beharko ditugu. Trapu zaharrak aterata ez zait iruditzen horregatik gu hobeak izango garenik. Gure asmoa ez zen hori, baina Ugartek eraman gaitu bide honetara. Egia da ere, herritar batzuk, alkatea aldatzea nahi zutela.

Gaur egun, karguak banatuta dauzkazue?

P. A. Bai, banatuta geneuzkan zazpien artean. Ugartek aurreko ohiturekin jarraitzen zuen alkate zenean, berak bere kasa lana eginez, bera bakarrik erabakitzen, hain zuzen. Guk hala ikusten dugu. Zinegotzi bezala ez dauka kargurik.

Zentsura mozioa ez da azken soluzioa? Ez da gogorra?

P. A. Niretzat ez da gogorra. Hor dago eta aplikatzeko, ezta? Beste irtenbidea gu denok joatea zen. Udaletxeak gardena izan behar du, eta kontuak garbi ibili. Erabakiak denen artean hartu behar dira. Beste zinegotziei errespetua behar zaie eta informatuta eduki.

J. D. Berak bakarrik erabakiak hartu eta gu hurrengo astean enteratu erabakietaz? Horiek ez dira moduak, horrela ez da herri bat aurrera eraman.

EA zuengana zuzendu da?

P. A. Bai, bi etorri ziren zentsura mozioa aurkeztu genuenean. Zer pasatzen zen galdetu zuten: nik, Ugarterengana joan zitezela esan nien, bera baita EAkoa. Hori izan zen.

Bukatzeko, zein dira herriaren beharrak?

P. A. Arau berriztatzaileekin gabiltza, haur eskolarekin ere bai. Urarekin lotutako asuntoak ere badaude, sondeo batzuk eginda daude, eta zaharkituta dago dena. Lehenik azpiegiturak hobetu behar dira, gutxiengoa lortu behar da. Gasa herri guztiarentzako jarri behar da: orain dauden zisternak behin behinekoak dira.

J. D. Goiazko eta Bidaniako frontoiak ere aldatu beharko lirateke, egoera kaxkarrean daude-eta. Baserrietarako bideak hobetu behar dira. Baina betikoa: diru falta dago. Hiru urtetarako gauza asko dira.

Agenda

Erakusketak

'Errusiarako leihoa'
TOLOSA, Aranburu Jauregi - 2008-11-29

Erakusketak

Egutegirako argazki lehiaketako lanak
ANOETA, Abraham Olano kiroldegia - 2008-11-24

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.